Hemen zaude: Hasiera Nor gara?

Nor gara?

Kristau Elkarte Herritarrek, Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak eta Herria-2000-Eliza aldizkariak osatzen dugu Eliza Herrian. Zailtasunak, borrokak, ahaleginak eta oinazeak tarteko, bere askatasunaren bila eta justizian oinarrituriko bakearen bila saiatzen den Herri honen barruan, Euskal Herriko Eliza, batez ere eta zintzoki Jainkoraren Herri izango den Eliza, ari gara eskatzen 1970.eko urteetan bideratu ginenetik; izan ere, Jainkoaren Herri definitu baitzuen nagusienik Eliza Vatikanoko II. Kontzilioak. Beraz, eta Kontzilio beraren arabera,  Euskal Herriko eta munduko gizon-emakumeekin, eta beraien buruhauste, estuasun, poz eta itxaropenekin bat egingo duen Eliza ari gara eskatzen.

Ebanjeliotik begiraturik, argi adierazi nahi dugu, pobreen Herria dela benetako Herri bakarra. Bakea galdatzen eta zuzentasunaren alde borrokatzen diren Ebanjelioko zorionekoek osatzen dute Herri hori. Pobreen Eliza izatea zer den? Elizaren beraren erdigunean jartzea pobreak, beraien zapalkuntza, menpekotasun eta morrontza egoeratik askatze aldera ipiniz ebanjelizazio zerbitzua.

Espirituaren arnasak ernalduta, Herriaren erraietan sortzen den Eliza sinesten dugu eta nahi dugu; eta, beraz, Euskal Herriaren izaera berezia bereganatzen duena, berorren hizkuntza, kultura, herri espiritu eta adierazpideekin. Giza eskubide denak osorik onartzen dituen justiziazko bakean eta munduko herri guztiekiko elkartasun askatzailean oinarriturik, Herriaren askatasuna eta subiranotasuna lortzeko lehiatu eta ahalegintzea zeinu bat da, historikoa eta gaurkoa, geure aldetik garaion zantzu ebanjelikotzat irakurri eta ulertu nahi duguna.

Garaion zantzu bezala ageri zaigu beste hau ere gaurko Euskal Herrian: Hots, harreman sozialen forma demokratiko berrien bilaketa eta giza errealitateen autonomia gero eta handiagoa; eta zera eskatzen dio horrek Elizari: elkarrizketari irekia, autokritikoa eta pluralista izatea.

Berrogei urte hauetan Euskal Herriaren eskubideen errespetua ari gara eskatzen geure Eliz erantzukizun kritikotik, eta aukerak eskaintzen, bestelako Eliz ereduaren bila; hau da: Nazareteko Jesusekin leial izanik, pobre eta oinazetuekin bat egingo duen Eliza, horien poz eta itxaropenetan, ahalegin eta nekeetan. Eliza pobrearen eta pobreentzakoaren, aske eta askatzailearen, sortzaile eta euskaldunaren lekukotasuna ematen saiatu gara.

_____________________________________

Irakurtzekoak:

“Euskal Herriko Elkarte Herritarren nor-izana / Identidad de las Comunidades Cristianas Populares” (Herria 2000 Eliza 27, 1980, 17-20)

“Euskal Herriko Apaiz Koordinakundea, Zerbitzu honen oinarriak / Bases de este servicio” (Herria-Eliza. Euskadi. Pueblo-Iglesia. Auñamendi, Zarauz, 1978, pgs. 467-469)

“Presentación” (Herria 2000 Eliza, nº 0, 1978).

“Herria 2000 Elizaren-ren 30. urtemugan / 30 años de reflexión y compromiso” (Herria 2000 Eliza, nº 219, 2009)

Murgian